XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ziza kiloak 12.000 pezetatako salneurria errepikatu zuen

I.A. ARREGI

Benetan eguzkitsu iratzartu gintuen martxoko azken egunak, ondo hartzen den ezustekoa emanez eta asteartea zenez Azpeitiko azoka plazara hurbildu ginen bertako berri ezagutzeko eta zuenganatzeko.

Lehenbiziko gauza, zizen salneurria jakitea zen, joan zen asteartean estrenatu bait ziren aurtengo azoka ekitaldietan, eta ea zerbait merkexeago topatu ahal ziren, baina ez, itxaron beharko da zeren joan zen asteko 12.000 pezetatako salneurri berbera errepikatu bait zuen kiloak.

Beste produktuei dagokionez, baserriko oilaskoen salneurrien beherakada xumea aipatu behar, joan zen asteko 500 pezetatako salneurririk garestiena ez bait zen lortu, 450 eta 475 pezetataraino iritsiaz.

Oilandek ere beherakada horri jarraitu zioten, zortzi duro halajaina, 240-280 pezetatik 225-240 pezetatara.

Arkumeak ia joan zen asteko salneurri bera markatu zuen, durotxo bat garestiago, 445-425 pezetatako tarte horretan gelditu zelarik.

Haragikien ondotik, beste produktuak dihoazkigu, eta horrela arraultza dozenak berdin berdin jarraitu zuela ikusi genuen, 160-190 pezeta bitartean hamabikoa.

Gaztei dagokionez, ardi gaztak 1.100-1.200 pezetatako salneurria errepikatu zuen eta behi gaztak hamar duro-hogei durotako beherapena jasan zuen, 800-900 pezetatik 750-800 pezetatara pasatu bait zen.

Herriko babarrunak berriz, joan zen asteko 900 pezetatako salneurririk merkeena bera azaldu zuen.

Mendiko zinema zikloa

Aste honetan zehar Enparan dorretxean arratsaldeko 8etan ospatzen ari den Mendi Zinema zikloaren barne, gaurko egunez beste bi dokumental aurkeztuko dira, orduerdikoak biak.

Lehenbizikoa, Ur lasterrak dugu, Pirinioko ibaiek eragindako kainoi eta amildegi ikusgarrietan bi gaztek ibilgu beretik jarraitzen dute.

Bigarrengoa Hiriak liluraturik dugu, hiri handi batetan eraikuntzen fatxada eskalatzea, etab.